XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) haien sentipen ororen berehalako oihartzuna zen, ez lausoa, bai zehatza, zorrotza.

Segalariaren makurrera sentitzen nuen nire besoan; haren nekeak nekatzen ninduen; hark edandako sagardo zurrutadak egarria asetzen zidan; haren zintzurretik beherantz sentitzen nuen; behin, sega pikatzen erpurua zauritu zuen batek sakon; hezurretaraino barneratu zitzaidan haren mina.

Ikuste soilez ez nuela paisaia sumatzen iduri zitzaidan; "synpathia" bitxi hark mugagabetzen zuen ukimen antzekoak ere ingurua sentiarazten zidan.

Bocageren presentzia aspergarri bihurtu zitzaidan.

Hura agertzearekin ugazabarena egitera beharturik aurkitzen nintzen, nire gogoz kontra.

Nagusia nintzen, hala behar ere, eta neure erara langileak zuzentzen nituen; baina ez nintzen zaldiz ibiltzen, gehiegi menperatuko ote nituen beldur.

Hala eta guztiz, nire presentzia ezerosoa gerta ez zedin, nire aurrean ezertara beharturik senti ez zitezen ahalegindu nintzen arren, jakinmin gaiztoz begiratzen nien, oraindik ere.

Haietariko bakoitzaren existentzia misterioz josia zegoen niretzat.

Bizitzaren atal bat izkutatzen zidaten susmoak ezin uxatu nituen.

Zertan aritzen ziren ni han ez nengoenean?

Nolatan ez ziren bada gehiago dibertituko?

Eta bakoitzari, jakinguraz irrikitan nindukan sekretua egozten nion.

Atzetik, inguruka, zelatan nenbilen.

Izakirik zakarrenetara hurbiltzen nintzen, haien iluntasunetik argi izpiren bat aterako nuelakoan.

Bat zen gehien erakartzen ninduena: nahiko lerdena bera, morrosko galanta, ez tentela, baina instintuz soilik mugitzen diren horietakoa; bapatekoa besterik egiten ez zuena eta behin-behineko oldarguneari beti amore emango ziona.

Ez zen inguru haietakoa; kasualki kontratatu zuten.

Langile bikaina lehen bi egunetan, hirugarrenean egundoko mozkorra harrapatu zuen.

Gau batez ikustera joan nintzaion oharkabean; belar gainean etzanda aurkitu nuen, mozkorraldiaren lozorropean.

Luzaro geratu nintzaion begira...

Etorritako bidetik alde egin zuen handik guttira.

Nora joan ote zen jakinminez ni...

Gau hartan bertan, Bocagek bota zuela esan zidaten.

Bocageren aurka sutan jarri nintzen; etorriarazi nuen.